Representantes de entidades

Erakundeen ordezkariak

Kaltetuaren bizilekua ez den estatu batean gertatutako ezbeharrak

Izapideak eta likidazioa egiteko ordezkaria

Helbidea Espainian duten aseguru entitateek eta beste herrialdeek Espainian dituzten sukurtsalek ordezkari bat izendatu behar dute Europako Esparru Ekonomikoko gainerako herrialdeetan (Europar Batasuneko 27 estatuetan eta Islandian, Liechtensteinen eta Norvegian), kaltetuaren bizilekua den estatuan, ohiko aparkalekua Europako Esparru Ekonomikoko estatu batean duten eta bertan aseguratuta dauden ibilgailuek eragindako ezbeharretan izapideak eta likidazioa egiteko, baldin eta:

  • Ezbeharra Espainian izan bada eta kaltetuak bere bizilekua Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu batean badu.
  • Ezbeharra Espainia ez den Europako Esparru Ekonomikoko estatu batean izan bada eta kaltetuak bere bizilekua Espainian badu.
  • Ezbeharrak Karta Berdera atxikitako herrialdeetan gertatu badira eta kaltetuak ohiko bizilekua Espainian badu, edo ezbeharra eragin duen ibilgailuak ohiko aparkalekua Espainian badu eta bertan badago aseguratuta.

Ordezkari horrek bere jarduerak dituen estatu kidean bizi beharko du, edo bertan eduki beharko du bizilekua, eta gaitasun nahikoa edukiko du aseguru erakundea ordezkatzeko eta kaltetuei kalte-ordainak emateko. Horretarako, beharrezko informazio guztia bildu eta beharrezko neurriak hartu beharko ditu likidazioa kaltetuaren bizileku den estatuko hizkuntza ofizialean edo ofizialetan negoziatzeko.

Aseguru erakundeek askatasun osoa edukiko dute ordekari horiek izendatzeko, eta erakunde baten edo batzuen kontura jardun ahal izango dute. Halaber, Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideetako informazio-organismoei jakinarazi beharko diete ordezkarien izendapena, eta horien izena zein helbidea.

Espainian bizi ez den kaltetuaren erreklamazioa

Kaltetuak Espainian dagoen aseguru erakundean edo erakunde horrek bere bizileku den herrialdean izendatutako ordezkariaren aurrean aurkeztu ahalko du erreklamazioa.

Aseguru erakundeak edo horren ordezkariak hiru hilabeteko epean erantzungo diote erreklamazioari, hori aurkezten denetik kontatuta, eta eskaintza arrazoitua aurkeztu beharko da erantzukizuna zehaztu eta kaltea kuantifikatu bada. Bestela, edo erreklamazioa ezesten bada, erreklamazioan planteatutakoari emango dio erantzun arrazoitua.

Arestian aipatutako epe hori pasata ez badago eskaintza arrazoiturik, berandutze interesak sortuko dira, ezbeharra izan den lekuan aplikagarri diren legeek xedatutakoaren arabera.

Aseguru erakundeak edo horren ordezkariak kaltetuari ez erantzutea (erreklamazioa onartu izanagatik edo arrazoituta ezetsi izanagatik) arau-hauste administratibo larria edo arina da, aseguru pribatuak antolatu eta ikuskatzeko Legearen 40.4.t eta 40.5.d artikuluetan xedatutakoaren arabera (urriaren 29ko 6/2004 Errege Dekretuak onartutako testu bategina).

Ezbeharrak izapidetu eta likidatzeko ordezkariaren ekintza ez da nahikoa izango kasu jakin horretan aplikatu beharreko eskubide materiala aldatzeko, ez eta kaltetuaren bizileku den estatu kideko organo jurisdikzionalei eskumena emateko ere, nazioarteko zuzenbide publiko eta pribatuko arauetan zirkulazio istripuei aplikagarri zaien Legearen eta eskumen jurisdikzionalak esleitzearen inguruan aurreikusitakoa izan ezik.

Espainian bizi den kaltetuaren erreklamazioa

Espainian bizi den kaltetuak zuzenean jo ahal izango du Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu batean baimendutako erakundera, istripua eragin duen ibilgailua aseguratu duenera edo horrek ezbeharrak izapidetzeko eta likidatzeko Espainian duen ordezkariarengana, ondorengo kasu hauetan:

  • Ezbeharra Espainia ez den Europako Esparru Ekonomikoko estatu batean izan bada.
  • Ezbeharra Karta Berdera atxikitako beste herrialde bat bada eta kaltetuak ohiko bizilekua Espainian badu, edo ezbeharra eragin duen ibilgailuak ohiko aparkalekua Espainian badu eta bertan badago aseguratuta.

Kasu horretan ere, ezbeharrak izapidetu eta likidatzeko ordezkariaren ekintza ez da nahikoa izango eskumena kaltetuaren bizileku den estatu kideko organo jurisdikzionalei emateko, nazioarteko zuzenbide publiko eta pribatuko arauetan eskumen jurisdikzionalei buruz aurreikusitakoetan izan ezik.

Ordezkarien Erregistroari eta Europako Informazio Erakundeei kontsulta (sarbidea)

Europako Esparru Ekonomikoko Aseguru Erakundeen Ordezkarien Erregistroaren kontsulta herrialdearen edo aseguru erakundearen arabera sartuta egin ahal izango da.

  • Espainian bizi ez diren kaltetuek Espainiako aseguru erakundean edo horrek kaltetua bizi den herrialdean izendatutako ordezkariaren aurrean aurkeztuko ahal izango dute euren erreklamazioa.
  • Espainian bizi ez diren kaltetuak atzerriko aseguru etxera edo horrek Espainian duen ordezkariarengana jo dezakete. Europako Esparru Ekonomikoko beste herrialdeen informazio organismoen helbidea, telefonoa eta faxa ere kontsulta daiteke.