Kalte-ordainak elektronikoki eska daitezke, esteka honen bitartez
Kalte-ordaina Consorcioren web orriaren bitartez eskatzeko orduan, ezinbestekoa da ondorengo datu hauek edukitzea, pantailetan grabatzeko:
- Aseguru-polizaren datuak: aseguru-etxea eta poliza zenbakia.
- Kalte-ordainak on-line eskatzen dituenaren datuak eta aseguratuarenak, pertsona desberdinak badira: izen-abizenak edo izen soziala; IFZ edo IFK; helbidea eta harremanetarako telefonoa.
- Banku-datuak, kalte-ordaina ordaintzeko: IBAN Banku Kontuaren Nazioarteko Kodea (24 zenbaki): herrialdea adierazten duten bi letra eta bi kontrol zenbaki, bankuaren zenbakia, sukurtsalarena eta kontu korrontearena.
- Ibilgailu motordunen gaineko kalteak izan badira: kalteak izan dituen ibilgailuaren marka, modeloa eta matrikula. Tailerren batera eraman badute konpontzera, tailerraren izena, helbidea eta telefonoa eman behar dira, kalteen azterketa azkarrago egiteko.
Dagozkion gakoekin identifikatu ondoren, pantailek prozesuan adieraziko dizkioten urratsak beteko ditu erabiltzaileak; amaieran, bere eskaerari emandako erregistro-zenbakia agertuko da (posta elektronikoz ere jasoko du zenbakia hori), eta identifikazio gisa erabili beharko du, behar duen edozein informaziotarako edo horren inguruan egin nahi duen edozein kontsulta egiteko.
Ondorengo 11 atalean deskribatutako dokumentazioa duten fitxategiak eransteko aukera ere emango dio web orriak, kalte-ordaina eskatzeko prozesuaren amaieran.
Ondoren, Consorciok kalteak baloratzeko izendatutako peritu tasatzailea eskatzailearekin jarriko da harremanetan, bisita hitzartu eta kalteak aztertzeko. Peritazioa errazteko eta espedientearen tramitazioa arintzeko, ondorengo argibide hauei jarraitzea komeni da:
- Kaltetutako ondasunak gorde, perituari erakusteko; hori ezinezkoa bada, argazkiak atera ondasunak erretiratu aurretik.
- Premiazko konponketaren bat egin bada, fakturak gorde.
- Perituak bisita egiten duenean, eskura eduki kalteen konponketen aurrekontua, faktura, eta polizaren eta polizaren primaren ordainagiriaren - kalteak izan diren epekoa- bi ale (originala eta kopia bat), bi agiri horien kopia perituari emateko; bai eta bankuko IBAN kodea (24 digitu) agertzen diren ordainagiri edo bestelako agiriren bat ere, kalte-ordaina kontu horretan ordaindu behar bada.