Ordainketa jarraian adierazitako moduan egingo da, ezbeharra Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Orokorrak kontratuak mugaeguneratuta aitortu baino lehen gertatu bada, betiere:
CCSak kalteak ordainduko dizkie zirkulazio-ezbeharretan kaltetutakoei:
a) Pertsonen eta ondasunen gaineko kalte guztiak, ezbeharra gertatu denean indarrean zeuden nahitaezko aseguruen aseguratzearen mugetaraino.
b) Muga horietatik haragoko kalteak, baldin likidazio egoeran dagoen etxearekin egindako polizan Ibilgailuaren Nahitaezko Aseguruaz gain erantzukizun zibileko borondatezko asegurua ("hirugarrenentzako erantzukizun zibil mugagabeko asegurua", ohiko terminologian) kontratatu bada, eta posible den proportzioan, likidazio egoeran dagoen erakundearen egoera ekonomikoaren arabera.
Aseguru eta Berraseguru Erakundeen Antolamendu, Gainbegiratze eta Kaudimenari buruzko uztailaren 14ko 20/2015 Legearen arabera, erakundeak zorrei ("pasiboa") aurre egiteko dituen ondasun eta eskubideen ("aktiboa") balioa jakin ondoren, behin-behinean bada ere, hartzekodunei aseguru-kontratuagatik eskain diezaiekeen ehunekoa zehaztuko du CCSak. Ehuneko hori CCSaren Administrazio Batzordeak ezartzen du, erakundearen balantzearen arabera, Legean aurreikusitako hobekuntza neurri batzuk aplikatuta; aparteko arrazoiengatik salbu, Legeak ezarritako 9 hilabeteko epea amaitu baino lehen egiten da hori. Ehuneko hori zehaztu ondoren, Consorcio harremanetan jarriko da zurekin, arestian aipatutako ehuneko horren ordainketa eskaintzeko.
Sistema horri esker, aldez aurretik kobra dezakete aseguru kontratuagatiko hartzekodunek, likidazioa amaitu arte itxaron gabe, eta behin betiko likidazioan kobratuko luketena baino gehiago, gainera, aktiboa baloratzeko erabilitako irizpideengatik; izan ere, likidazioa egin aurrekoak izateaz gainera, hobetu egiten dute hori.